XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Isiltasun bera izan zen deiak jaso zuen erantzuna.

Durundia bera, kaleko isiltasunean, atearen zurean emandako zartakoek.

Aldi berean On Rafael laguntzen zutenak jaitsi ziren.

Janichek estankoa zegoen etxearen alboko baratzaren inguramen zutoinetan lotu zituen zelariak, eta berehala taldera bildu zen.

Utz ezazu hori On Rafael erregutu zuen Chinchillatarretarik zaharrenak.

Hordiaren lerdekeriaz, ireki gabeko atea kolpatzen jarraitzen zuen On Rafaelek.

- Utz nazazue!. Nirekin ibili nahi ez duena doala antzarrak ferratzera!. Ez dut inor ere behar!.

Eta deika jarraitzen zuen: - Juana? Juana? Ireki. Zer deabruagatik ez duzu irekitzen?.

Azkenean atea zabaldu egin zen.

Argitasun gorri bornu bat erori zen espaloia eta kaleko harriztadura gainean, ingurukoak argituz.

Ateburuan barne jantzitan emakume bat azaldu zen, sorbalda bilutsien gainean erortzen zitzaion adats naharo eta beltza harroturik.

Atearen bornuaren erdi-erdian jarri zen, sarrera trabatuz bezala, eta oihu egin zuen, On Rafaeli aurre eginez: - Beno! Zer da ba? Zer arraio nahi zenuen, jauna?.

On Rafaelek, bere odol hotzaz gaindi, dudarik gabe espero ez zuen harrera haren aurrean, zur eta lur geratu zen.

Juanak, On Rafaelek ez zuela ihardesten ikusiz, eta, guztiz gain, gizon hark, erabateko arra, beti bera, erabateko emea, desio zuela ulertuz, lehen bezala, bere sexuak meneratzen zuela konbentziturik, oraindik ozenago errepikatu zuen: - Berriro diotsut, jauna! Zer nahi duzu hemen?.

Eta hitzak behin eta berriz esanez eskuak aurpegiraino sartuz hurbiltzen zitzaion: - Bai! Zuri On Rafaelito ez-dakit-zer! Zuri diotsut!.

Gero, atzera egin zuen, bizkarra itzuli gabe, ozenago oihu egiten zion artean, erdeinu sakonagoa zuen oihua: - On kaka zati!.

Eta atea itxi behar zuen, On Rafaelek tartean bere gorputz trinkoa sartuz, orriak itxi zitezen eragotzi zuenean.

Indarketan ihardun zuen Juanak. Ahalegin hutsala.